2011/12/21

HAINBAT JENDE BATU DA IKASLE PRESOEN ALDEKO EKIMENETARA!

Abenduaren 15ean ikasle presoen eguna burutu zen gaztetxean. Bertan, ESKEAN eta EGURRA TA KITTO taldeen kontzertuez gain, ekitaldi xume bat egin zen txalapartari, bertsolari eta dantzarien laguntzarekin.



Bestalde, gaur abenduak 21, azken asteazkenero moduan, kontzentrazioa burutu da Aularioan ikasle presoen askatasuna aldarrikatuz eta eurenganako elkartasuna islatzeko helburuarekin.


IKER, AIALA eta XALBA KLASERA!!!
IKASLE PRESOAK KLASERA!!!

"Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi!

Urteko azken asteazken honetan ikasle presoak ekarri nahi izan ditugu gogora. Ikastea: guretzako, momentuz, eguneroko eskubidea; Iker, Aiala, Xalba eta beste askorentzako, ordea, erronka gogorra.

Azken asteotan gertatutako atxiloketek argi utzi digute berriro ere espainiar zein frantziar estatuek ez dutela inongo asmorik beraien errepresio aparatuari atseden emateko. Euskal Herrian zabaldu berri den eszenatoki honi erantzun konprometitu bat ematearen ordez biolentzia politikoa erabiltzearen alde egiten dute.

Estatu espainolak ez du nahikoa presoak urrundu edota isolatzearekin, ez, ikastea bezain oinarrizkoa den eskubidea ukatzen die gainera. Ikasketak burutu nahi dituen presoak estatu espainolak edota frantsesak inposatzen dizkion baldintzen menpe egin ahalko du soilik, horrek dakartzan eskubide urraketei bide emanez.

Espainiar espetxeetan bahiturik dauden presoek goi mailako ikasketak gazteleraz egitera behartuta daude, euskaraz ikasteko aukera oro zapalduz. Frantzian preso daudenek euskaraz ikasteko zirrikitu bat aurkitu dute nahiz eta Euskal Ikasketen kasua den soilik.

Gasteizko kanpuseko ikasle presoen egoera, Iker, Aiala eta Xalbarena, ikasketei dagokionez beraz hauxe da. Ezin dugu ahaztu 2008ra arte EHUk Espetxeetako Instituzioarekin akordio bat zuela preso zeuden ikasleei ikasteko aukera eskaintzeko. Urten horretan bertan konbenio hau bertan behera geratu zen ikasteko aukera oro zapuztuz.  


Xalba eta Aialaren kasuak bereziki ezagunak zaizkigu, aurreko urtean gure klaseetatik bortizki eraman baitzituzten. Sarekada batetik ihes egitera beharturik, Izapuran agertu, astebeteko itxialdia burutu eta espainiako eta frantziako indar polizialek atxilotu zituzten pasa den otsailean. Xalba eta Aiala Soto del Realen daude Euskal Herritik 383km-ra eta Iker Burgosen dago Euskal Heritik 124 kmra.

Gure esku dago egoera honi buelta ematea, garaia da gure ikaskideak direnak eskubide guztien jabe berriz ere kanpusera itzultzea. Horretarako, PATetik dei egiten dizuegu, urtairrilaren 7an Bilboko mobilizazio orokorrean parte hartzera. Horrez gain, zuen herrietan sortu diren herri bilguneetan aktiboki parte hartzeko gonbita ere egiten dizuegu.

Xalba, Aiala eta Iker klasera!!!
Ikasle presoak klasera!!!

Gogoratu, Ekaitz Samaniego gaztearen 8 urteko espetxe zigorra berretsi duela Auzitegi Gorenak, beraz, adi mobilizazioei. Bihar, prentsaurreko masiboa Auzolana pilotalekuan 11etan".