Gasteizko Kanpuseko ikasleak murrizketen aurrean haien kezka adierazten hasi dira. Horretarako, asanbladak antolatzen hasi dira Kanpus mailan.
Pasa den asteazkenean arratsaldeko 7etan Letren Fakultateko sarreran hasi eta kalean amaitu zen asanbladan zenbait ondorio mamitsu atera zituzten ikasleek. Alde batetik, greba orokorrari begira hezkuntza arloko planteamendu zabal eta anitza aurrera ateratzeko beharra. Eta bestetik, greba egunaren izaera aglutinatzaile eta aktibatzailea azpimarratzeaz gain, epe luzerako borroka bat izan behar duela ondorioztatu dute.
Asanblada hori amaituta, beste hitzordu bat jarri zuten, atzorako, martxoaren 13rako, alegia. Aurreko asteko asanblada jendetsua izan bazen ere, jende gehiago batzea lortu zuen bigarren asanblada honek.
Gainera, sindikatu (LAB, ELA eta STEE-EILAS) eta zenbait irakaslek parte hartu zuten. Ikasleek adierazi zigutenez, lorpen handia izan zen irakasleak agertu izana eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa adierazi zuten.
Bertatik ere, ondorio zehatzagoak atera zituzten ikasleek. Grebari begira proposamen batzuk bota ostean, datorren ostegunerako, martxoak 15 eguerdiko 13:00ean Farmaziako sarreran 3. asanblada burutuko zutela adostu zuten.
IKASLE BORROKAZ LORTUKO DUGU!
M29 DENOK KALERA|!