2012/03/06

KUBAKO BLOKEOA + 2012ko BRIGADA AURKEZPENA

2012 honetan 50 urte betetzen dira Kubari blokeo ekonomikoa ezarri zitzaionetik. Egoera hau salatzeko ekimen andana antolatu du Askapena erakunde internazionalistak. Unibertsitatean  hitzaldia  antolatu da datorren ostegunean, martxoak 15, Letren Fakultateko 1.06 gelan eguerdiko 12:00etan. Egun honetan bertan Askapenak 2012rako antolatu dituen brigaden aurkezpena egingo da. 

Askapena duela 25 urte iraultza sandinistaren epeletan sorturiko erakunde internazionalista da. Geroztik hamaika izan dira bereak egin dituen borrokak eta prozesu iraultzaileak: jatorrizko herrien borrokak, Zapatistak, Maputxeak, Kunak, Palestina, Kuba, Venezuela, Bolivia, Europako estatu gabeko herriak...
Askapenak baina, herrion arteko elkartasuna bultzatzen du, Euskal Herria eta gainerako herri langile eta zapalduen arteko zubiak eraikiz. Hemen ere behar dugulako gainerako herrien babesa. Honen adibide dira munduan zehar ditugun Euskal Herriaren Lagunak (EHL). Joan etorriko zubi lanean, brigadak lan tresna garrantzitsuak dira bestalde, bertatik bertara ezagutu ditzagun gainerako prozesuak eta geurearen berri eman. 

Azken urteetan brigadek ere ikusmolde berria hartu dute, bizi dugun errealitateari helduz, esperientzia konkretuak geureganatu ditzagun: ekoizpen eredu alternatiboak, memoria historikoa, demokrazia partehartzailea eta jatorrizko herriak besteak beste.

Hauek dira aurten abiatuko diren brigadak:

Argentina-Uruguay
Venezuela
Bolivia
Saharako lurralde okupatuak
Palestina

Animatu eta parte hartu!