Arabatakada ospatzeko 2 egunen faltan badirudi jendea animatzen hasi zaigula sare sozialetan, sarrerak erosten, galderak helarazten… Hemen duzue azken egunotan argitaratu den elkarrizketa bat:
Beste
urte batez (eta dagoeneko badira bederatzi) Arabatakada ‘motorrak
berotzen’ hasi da eta ia-ia prest dago datorren maiatzaren 11an arabar,
eta euskaldun gazteak orokorrean, bilduko dituen jaialdia
ospatzeko.Kanpuseko ikasleen arteko olinpiadak, herri bazkaria, maketa
lehiaketa eta kontzertu eskaintza zabala (EH Sukarra, Gose, Betagarri…)
dira unibertsitate euskaldun eta herritar bat eskatzen duen ekimenaren
osagaiak. Hau guztiaz mintzatzeko Ane Labaka eta Ioritz Iparragirre
Arabatakadako bozeramaileekin egon da Hirinet.
Arabatakada unibertsitate euskaldun eta herritar baten aldeko jai
aldarrikatzailea da. Nahiz eta itxuraz, Euskal Herrian euskal
unibertsitateak badaudela ematen duen, errealitatean hori ez da horrela.
Gabezia handiak ikusten dizkiogu hezkuntza sistema honi, eta horiek
aldatzeko borrokatzea da gure helburu nagusia.
Orain dela bederatzi urte jaio zen. Zein izan da ekimenaren bilakaera? Filosofia bera mantentzen al du?
Beti izan da Kanpuseko ikasle mugimenduaren jaialdia eta beti
Unibertsitate euskaldun eta nazionala aldarrikatu du. Hau baita ikasle
mugimendua batzen duen aldarrikapena. Jaialdiaren arrakastak berak
sortutako tamainak, forma aldetik eraldaketa batera eraman du jaialdia
bera. Duela bost urte udalak zein kanpusak baldintza berriak ezarri
zituzten jaialdia burutzeko, hala nola kokapena, horrek dakarren
guztiarekin.
Horrelako jaialdia ospatzea ez da lan makala. Nola antolatzen duzue egin beharreko lana eta nortzuk osatzen duzue lan taldea?
Arabatakadako lan taldea Gasteizko kanpuseko ikasle mugimenduaren
adierazpen ezberdinek osatzen dute. Lan talde ezberdinak daude, hala
nola, azpiegitura, komunikazioa, bazkaria, olinpiadak, kontzertua,
txandak… Guztietan daude ikasleak. Esperientziagatik eta ikasle
mugimenduari laguntza emateko, zenbait ikasle ohi ere aritzen da
laguntzen. Zenbait profesionalek ere ematen digute laguntza, betebehar
tekniko batzuk existitzen direlako; elektrizitatea, kontratu batzuk
legalki erredaktatzeko…
Gose, EH Sukarra, Betagarri, Kaotiko… Zaila egiten zaizue hain kartel zabala ondo lotzea?
Oso zaila, aurrekontua mugatua baita. Eta ikasleon agenda eta taldeen
agenda koadratzea oso zaila da. Gainera, beti musika estilo ezberdinak
presente egoten saiatzen gara, eta ez da lan samurra.
Egun, Arabatakadak, ez dauka inongo diru-laguntzarik, babesa ikasle
mugimenduko indarrean topatzen dugu. Boluntarioekin egindako jaialdi
autogestionatua da. Ikusten den gainontzeko guztia, dirua kostatzen
zaigu, gehiago edo gutxiago hornitzailearen arabera. Udaleko baimena
eskuratzeko hainbat betekizun dauzkagu (fidantzak, aseguruak,
anbulantzia, larrialdi planak, garbitasuna, komunak, euritik babesteko
karpak…), horri diru-laguntza eza gehitzen badiogu, sarrera sinboliko
baten beharra daukagu sorturiko gastuei aurre egiteko.
Ekintzen artean, talde gazte berriei aukera bat ematen dien
Maketa Lehiaketa antolatu ohi duzue eta saria, hain zuzen, Arabatakadan
bertan jotzea da…
Lehengo maketa lehiaketa duela lau urte izan zen. Aurten 20 talde
aurkeztu dira. Taldeak nongoak diren ez dugu baloratzen eta ezin dugu
nongoak diren baieztatu, beharrezkoa da ordea, taldekide bat Gasteizko
kanpuseko ikaslea izatea. Epaimahaia kontzertuetako lan taldea da, talde
horrek baloratzen ditu. Talde horrek erabaki behar du taldea gai den
kontzertu bat emateko, teknikoki zein beharrezkoa den errepertorioa
edukita. Guztiei eskaintzen diegun saria promozioa da, Arabatakadako
web-orrian milaka lagun sartzen baitira eta irabazleari jaialdiaren
lehenengo kontzertua izatea eskaintzen diogu.
Egun horretako giroa aparta izango da, ezta?
Aurreko urteetako jaialdietan giro bikaina izan dugu eta aurtengoan
ere ziurtatuta dago. Gure aldarriak ahaztu gabe, festa egun bat
igarotzea da antolatzaileon asmoa eta horretarako ezinbestekoak dira
giro sanoa eta ona.
Aurtengo parte-hartzearen aurreikuspenik bai?
Zaila da aurreikuspenez aritzea, baina berez iazko zenbaki berdinak
errepikatzera eta hobetzera helduko garela uste dugu. Sarrerak Gasteizen
bakarrik saltzea erabaki zen, baina aldi berean Internet bidez ere
eskuragai jarri ditugu. Sarrerak erritmo bizian saltzen ari gara
momentuz, eta oraindik aste bete baino gehiago falta da.

