2012/10/16

KANPUSEKO IKASLE MUGIMENDUAK PRENTSAURREKOA DEITU DU OSTEGUNERAKO

Gasteizko kanpuseko ikasle mugimenduak, hurrengo ostegunean, hilak 18, prentsaurrekoa burutuko du.

Bertan, Urriaren 11-ko borroka egunaren harira burututako mobilizazioetan jasandako jazarpena salatzea da helburua. Izan ere, ikasle greba egunean bertan eta aurreko egunetan antolatutako ekimen eta ekintzetan 30 identifikatutik gora izan ziren, milaka eurotako isunak jarri eta prozesu judiziala zabalduko duten mehatxupean. Horrez gain, ertzaintzak izandako jarrera salatu nahi dute. Katxeoak, jarrera bortitzak, irainak, umilazioak jasan behar izan zituzten mobilizazioetan parte hartu zuten ikasle gehienek, gainera berriro ere haien inpunitatea argi utzi zuten, plaka zenbakia emateari uko eginez. 

Honen aurrean, ikasleok kanpusetik  indar polizialen behin betiko kanporaketa eskatzen dugu, eta publikoki adierazi nahi dugu eraso guztien aurrean borrokan jarraituko dugula ikasleon eskubideen defentsan.

Hori dela eta, datorren ostegunean, hilak 18, Gasteizko kanpuseko aularioan eguerdiko 13:00etan burutuko dugun prentsaurrekora gonbidatzen zaituztegu.

GASTEIZKO KANPUSEKO IKASLE MUGIMENDUA