EHUko
Gasteizko Kanpuseko ikasle mugimenduko kideok, azaroak 17an Ikasleon
Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabal bat antolatu dugu.
Lehenik
eta behin, komenigarria ikusten dugu egun honen sorreraren gainean
azalpenak ematea. 1939an, Pragan naziek burututako sarraskia gogoratu
nahi izaten da.
Guztia, Txekoslovakia okupatzen zuten indar naziek Jan Opletal
erailtzearekin hasi zen. Ikasleek, manifestazio bat bat burutu zuten hau
salatzeko, eta naziek bortizki erreprimitu zuten, 9 ikasle ordezkari
hil eta 1200 kontzentrazio esparruetara bidaliz.
Gertakari ilun hau gogoratzeko helburuarekin, 1941ean Nazioarteko
Ikasle Kontseiluak egun hau Ikasleen Nazioarteko Eguna izendatu zuen.
Gaur egunera arte, data honetan hainbat ekimen burutu dira mundu osoan
zehar. Horrela, 1973an Atenasko Unibertsitate Politeknikoko ikasleak
Greziako Junta Militarraren aurka altxatu ziren, diktadura horren
amaiera ekarriz. Aipatu beharra dago Grezian, gaur egun, jai egun
ofiziala dela azaroak 17a.
Euskal Herrian berriz, egun hau 1989tik aurrera urtero ospatu izan da,
non lehen aldiz Ikasle Abertzaleak-ek deitu zuen, nahiz eta urteak
aurrera hainbat eragile eta talde batu diren egun hau gogoratzeko. 2000.
urtetik aurrera, ekintza hauek gero eta garrantzia handiagoa hartzen
joan dira.
Gure kasuan, egun honetan burutuko dugun programazioa zabala eta ikasle
guztiei irekia izango da. Egunaren helburua, ikasleen arteko
elkar-ezagutza sustatzea eta nazioartean burutzen ari diren borroka
ezberdinen berri izan eta hausnartzea izango da.
Goizean
goiz hasiko dira ekimenak. Goizeko 11etan Kanpusa osatzen duten
Fakultateetan hainbat ekimen antolatu dira bertako ikasleen borroka
propioak lantzeko asmoz, hala nola, asanblada irekiak, parodiak… Bazkal
ostean, 16:30etan, itxialdiaren harrera egingo dugu Letren Fakultatean,
itxialdiaren kutsu kolektiboa azpimarratzeko. Horrela, 17:00etan Kanpus
mailako eragile ezberdinok egun honi zuzendutako tailerrak dinamizatuko
ditugu.
Itxialdiari
izaera internazionalista emateko, iluntzean, munduko hainbat ikasle
mugimenduren inguruko mahai inguruak burutuko dira. Hala, gaur egun Erasmus
edota beste programen bidez nazioartean aurkitzen diren ikasleei esker,
herrialde ezberdinetako ikasleen borroken berri izango dugu itxialdian
parte hartuko dugun ikasleok. Era berean, itxialdian zehar, beste
herrialdeetako ikasleei elkartasuna adierazi asmoz, gure errealitatea
erakusten saiatuko gara.
Gauean, itxialdian gauden ikasleok afari internazionalistaz gozatzeko aukera izango dugu, egunari amaiera emateko, Sagarren denbora filma ikusi ahal izango dugularik.
Hurrengo goizean, azaroaren 17an, Ikasleon Nazioarteko Egunean, goizeko 9etan pankarta tailerrari hasiera emango diogu,
itxialdian zehar pilatutako ideiak islatzeko. 10:30etan Letren
Fakultatetik hasita Kanpus osoa zeharkatuko duen manifestazioa deitu du
Kanpuseko ikasle mugimenduak. Azkenik, 11etan itxialdia borobilduko duen
ekitaldia ospatuko da Letren Fakultatean.